Wednesday 3 June 2009

LAGUNBUSA ABIAN DA!

Ingurumena Aste Berdea ospatuko dute datozen egunetan, eta ikastetxeek, datorren ikasturtera begira, ekimen hau abiatu dute.
erredakzioA
Hambosgarren aldiz, hemen da Aste Berdea. Ekainaren 5a, Nazioen Arteko Ingurumen Eguna da, eta horen harira antolatzen dute elkarlanean ekimen hau, Tolosaldeko Ingurumen Zentroak, Udalak eta hiriko ikastetxeek. PNUMAk proposatuta, Aldaketa klimatikoaren aurka elkartuta da aurtengo leloa.
Aurten landuko duten gai nagusietako bat mugikortasunarena da. Urteak daramatzate, hau jasangarriagoa izan dadin lan egiten. Ho- ri dela eta, hainbat azterketa burutu dituzte, esaterako, gaur egun, eskolara haurrak zein garraio erabiliz joaten diren ikusi. Baita, haurtxo hauen aiton-amonak bere garaian nola joaten ziren galdetu ere.
'Eskolara oinez' programa
Datorren ikasturtera begira Laskorain ikastolakoek eta Samaniego ikastetxekoek Eskolara oinez ekimen berria jarri dute martxan. Lehendabiziko froga datorren astean egingo dute, hilaren 8tik 12ra.
Amaitzear dagoen ikasturteari hasiera eman ziotenean, Tolosaldeko Ingurumen Zentrukoak eta Udalekoak ikastetxeekin lanean hasi ziren, proiektu hau aurrera eramateko. Hala, beste herri batzuetako esperientziak ikusiz eta abar, batzorde bat osatu zuten proiektua lantzeko. Hauek, ibilbide batzuk zehaztu zituzten, puntu arriskutsuak izendatu, geldiuneak,...
Lagunbusa jarri diote izena ekimenari, eta honekin, haurrak ikastetxera oinez joatea bultzatu nahi dute, gurasoen laguntzarik gabe. Bestalde, harremanak egiteko eta ongi pasatzeko modu gisa ere ikusten dute Laskorain eta Samaniego ikastetxeetako zuzendariek Lagunbusa.
Auto eta autobusen erabilera gutxitzea nahi dute ikastetxeetako arduradunek eta Udal ordezkariek. Honek ekarriko lituzkeen onurekin, hala nola, kutsadura gutxiago sortzearena eta zenbait istripu ekiditearena. Bestalde, Lagunbusarekin, ikasleen autonomia eta ardura sustatzea espero dute.
Egitasmo honen arabera, ordutegi bat eta ibilbide bat finkatzen da, eta haurrak, elkarrekin, bi hauek errespetatuz, eskolara joango dira, eta handik itzuli. Gaztetxoekin batera, bi heldu laguntzaile joango dira, bata aurretik, eta bestea atzetik. Honek, Lagunbusean joan behar duten ikasleen zerrenda, eta bakoitzaren datuak izango ditu, nolabaiteko kontrola eman ahal izan dezan. Bestalde, ibilbidean zehar, beste laguntzaile batzuk ere izango dira, dendari, tabernari... zerbait gertatuz gero, hauengana jo ahal izateko gaztetxoek nahiz arduradunek.
Ikastetxeetan bertan zabalduko dute proiektuaren inguruko informazioa, eta parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute. Honenbestez, datorren urtean martxan izango da hau.

aste berdea
Ekainak 5, ostirala
12:30ean. San Blas Garbigunearen inaugurazioa. Hondakinak gaika jasotzen dituen gunea da hau. Ekainaren 8tik aurrera eraman daitezke hondakinak San Blaseko garbigunera. Tolosaldeko Mankomunitateak erabilera sustatzeko kanpaina martxan jarriko du.
Ekainak 7, igandea
X. Uzturre igoera. 09:30ean abiatuko dira Santa Klaratik eta 10:00etan Izaskundik. Tontorrean, hamaiketakoa egingo dute eta musika izango da.
11:30ean. Uzturre gainean, Tolosako Musika bandak, tronpeta taldeak eta Gure Txoko elkarteko abesbatzak Uzturre pieza jo eta abestuko dute.
17:00etan. Leidor zineman, haurrentzako film bat izango da ikusgai. Ponyo itsaslabarrean hain zuzen ere.
Aste guzitan zehar
Bandera berdearen ibilaldia. Ekimen guztien lekukoa izango da aurten Aste Berdeko bandera, aldebatetik bestera ekintza guztiak Aste Berdearekin identifikatuko duena. Ekintza bakoitzaren partaideak mugituko dute, hau da, Uzturrera igo, eskolako bideak egin eta Leidorren sarreran egongo da.
Ekainaren 8tik 12ra
'Eskolara oinez noa' programa. Oinez igo ahal izango dira ikasleak aste guztian zehar beraien ikastetxeetara.